XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Bereizketa ez da berria eta bat dator funtsean erromatarrek Saltus vasconum eta Ager vasconum lurraldeen artean egin zutenarekin (ikus 10. irudia: Saltus eta Ager Vasconum).

Ohikoa da, orobat, bi eremuen artean trantsiziozko hirugarren bat marraztea: Erdialdea, Zangozatik Lizarraraino doana, gutxi gorabehera. Nafarroan, beraz, hiru alde genituzke Mendialdea, Erdialdea eta Erribera (ikus 11. irudia: Nafarroako aldeak) eta bakoitzak bere erritmo historikoa eraman duela esan izan da: El Norte lleva un ritmo histórico, el centro otro y el Sur otro muy distintos entre sí desde la Edad Antigua. No hay modo de explicarse lo que ocurre en cada parte echando manos de una hipótesis única y general (Caro Baroja 1985b: 111).

Hala ere, Nafarroa Erdialde, Mendialde eta Erriberan banatzeak kategoria isil bat du azpian: Nafarroako zentro edo erdigunea Erdialdea litzateke, Iruñea azken finean, eta bazter aldeak Mendia nahiz Erribera. Hau da, egiazko nafartzat Iruñea ingurukoak hartzen dira, Mendialdekoei gipuzkoarren eta Iparraldekoen eta Erriberakoei aragoiarren antza hartzen zaien bitartean, eta Nafarroa definituko dutenak Erdialdekoen ezaugarriak izango dira.

Biztanle guztiek ez zuten, ordea, ikuspegi Iruñe-zentriko hori eta, 6. kapituluan ikusiko dugunez, oso bestelakoa zen euskaldunen berezko ikusmoldea.

Beste ñabardura batzuk ere kontuan hartu behar dira: Mendialdean oso desberdinak dira Nafarroa atlantiarra eta Pirinioetako ibarrak. Gauza bera gertatzen da Erdialdean, ez baitira berdinak Zangoza edo Leireko aldea, nafar erromantzearen eta Ximeno dinastiaren sorlekua eta XI. menderako erdaldundua (Salaberri 1994: 1.090), eta Lizarrakoa.

Pirinioetako ibarrak eta Leire-Zangozako aldea elkartuz Nafarroako ekialdea marrazten da (ikus 12. irudia: Nafarroako ekialdea), hizkuntz berezitasun nabariak dituen eremua Caro Barojaren ustez (1971-2, I: 351). Lotura zaharra du Jazetaniarekin (Antzinatean Baskoien lurraldea) eta Akitaniarekin.

Antzinateko zelten eta galo-erromatarren eragina hortik etorri bide zen eta harremanak Erdi Aroan segitu zuen. Horrela, La línea Jaca, Sangûesa, Pamplona fue de excepcional importancia (ibid.: 340). Menendez Pidalen (1952: 42) ustez ere Zangoza aldeko eskualdeen berezitasuna elebitasun goiztiarra da.